2017(e)ko urtarrilaren 24(a), asteartea

2017_01_21-Cornon Ipar aurpegia, Korridore klasikoa (III/3/220m)

SARRERA:
Cornon mendia, 2.140 metrotakoa, Cantabriar mendilerroko mendi oso elegantea da, bere hegoalde aurpegitik tontorrera heltzea oso erraza da, Branavieja edo ezagunagoa den Alto Campooko eski estaziotik, kotxea Solvay aterpean utziz, 400 metrotako desnibela igotzen dugu tontorra lortu arte.

Cornon mendiaren ondoan La Boveda mendia dago eskumatara (2.072m) eta ezkerretara Tres Mares, inguru honetako altuena. Mendi hauen igoera normala paseo hutsa da baina ipar aurpegitik prestatuta dagoen rapeletik jeisten bagara, goulotte eta izotz kaskadaz beteriko ipar aurpegi basati bat aurkituko dugu, bilguneak jarrita dituena eta negu alpinismorako baldintza oso onak izaten dituena.

Astean zehar jausitako elur kantitatea eta asteburua heldu baino lehen penintsula osoan eman ziren tenperatura baxuengatik animatuta, goizeko 6.30tan atera ginen Bilbo ondoan dagoen BEC-etik, aurretik 200 kilometro Brañaviejara heldu arte, autopista ona eta kotxe gutxi, zortziak pasata Solvay aterperantz doan errepidea hartu genuen, eski estaziotik eskumara igoz.

IBILBIDEA:


FITXA TEKNIKOA:
  • Zailtasuna:III/3/220 metro/75º/D/D+?
  • Materiala: Kaskoa, bi piolet, kranpoiak, arnesa, aseguratzeko ekipoa, 60 metrotako bi soka, friend eta fisurero batzuk ondo etor daitezke, 5 izotz torloju eta neguan beti laguntzen dute pare bat iltze, aparte elur estaka bat eraman genuen, korridorearen baldintzak, elurra eta izotzaren arabera asko aldatu daitezke.
  • Desnibela: 600 metro inguru ekintza guztiak; korridorea 220 metro.
  • Iraupena: 6 ordu ekintza guztia, jenderik ez badugu aurkitzen askoz arinago egin daiteke.
ERREPORTAIA:

Cornoneko ipar aurpegia, orientazio oso ona du, altuera baita, eta baldintza onetan baldin badago ikaragarria izan daiteken korredore bi ditu, horretaz aparte mixtoarentzako aukera asko dituena.

08.30_Parkingean motxilak eta botak jartzen genituen bitartean, kotxeak heltzen hasi ziren, jende asko bertatik, eguna eta elurra gozatu nahian.


09.10tan Cornon eta Boveda mendien artean dagoen lepora heltzen gara, bertako estaka batetik egiten da rapela.


Aurretik Santanderreko hiru mutil genituen, hauek ere bai Cornoneko ipar aurpegira joateko asmoa zuten, beraien soketatik rapelatzea utzi ziguten eta korridorea egina zeukaten eta barre batzuk bilguneetan botatzeaz aparte, bidea eta bilguneen kokapena ezagutzen zuten eta oso ondo etorri zitzaigun gure lehen aldia bait zen.


Rapela eta gero, maldaren inklinazioa apur bat jeisten da baia metro luze batzuk elurraren aurrez aurre jeitsi izan behar genituen.


L1: Korredorearen lehen luzea, neure iritziz, zailena da, lehen erresalte txiki bat dauka, 70ºtakoa eta ondoren ondo formatuta zegoen beste kaskadatxo bat, 8 metro ingurukoa 75º-tan, lehen erresaltea zailagoa iruditu zitzaidan babesteko zailago zegoelako, torloju labur batekin babestu ta gorantza, beste kordadak iltze bat sartu zuen ezkerretan dagoen pitzadura batean.


R1: Lehen bilgunea, bilgune guztiak kankamoekin ekipatuta daude.



L2: 70º/55m. Bilgunetik atera bezain laster erresaltea daukagu, elur kaskada formatu betekin, babesteko aukera ugariekin, erresalte hau laburragoa da, 5-6 metro ingurukoa, ondoren tubu batetik jarraitzen dugu elur kanpa zabal batera atera arte, bilgunea ezkerretan dagoen arroketan aurkitzen da.




L3: 70º/60m. Goulotte/Diedro famatua, sartzeko oso ondo zegoen, izotzez topera, ezkerrean dagoen pitzaduran C-0.4 batekin babestu genuen eta apur bat gorago kaskadara igo baino arinago torloju luze batekin, behin kaskadan montatuta, eskumatara arrokan babesteko aukera asko daude, gehien bat mikrofriendentzako pitzadura txikiak.



Iban R3-ra heltzen.


L4_ 50º/50m: Azken luzea, baldintzen arabera asko aldatu daiteke, torloju bat sartu genuen, izan ere, Z antzeko bide bat jarraitu behar da, eraztunak erabili luzea hormatik ateratzeko, bilgunea goikaldean dauden bloketan egiten da.


Cornon (2.150m) tontorretik bueltan, eguraldi ikaragarri ona.


Oso pozik, berriro Solvayko aterpera bueltatu giñen, Reinosan bazkaldu genuen eta lasai-lasai bueltatu giñen, eguna ondo aprobetxatuaren zaporearekin, eta ezezaguna genuen inguru bat ezagutzeagaitik, asko gustatu zitzaigun bai orientazioa, bilguneak ekipatuta egotea, eta korridorera heltzeko hurbilpen erraza eta laburra.

Ziur laster bueltatuko garela.  Hurrengorarte!!!

2017(e)ko urtarrilaren 5(a), osteguna

2016_12_29-Peña Telera. Maria Jose Aller (550m/D+/75º/IV+)

Peña Telera (2.762m), Partacúa mendilerroko tontor garrantzitsuena kontsideratzen da, altuera garaiena ez izan arren, Aragoi errekako eta Gallego erreken arteko haranean kokatuta dago.

Peña Telera Pirinioetan izotz korridoreak eta izotz eskalada luzeak egiteko dauden tokirik famatuenetarikoa da, horretaz aparte gehitu behar diogu lekua zoragarri polita dela. Ipar aurpegi honen zabalera handian aurkitu ahal ditugun korridore askoren artean, aipagarrienetarikoak, Gran Diagonal (AD/600m), Maria Jose Aller (550m/D+), Maribel (D+/MD_400m), Chez Lulu (MD+/650m) eta “Senda de los cuervos” (MD+/750m) dira.

Ez dago inongo dudarik Maria Jose Aller korridorea politenetarikoa dela, eta horretaz aparte oso korridore estetikoa eta luzea da, eta kaskada eta erresalte oso interesgarri batzuekin. Web gune baten irakurri nuen, eta berarekin bat nator, “Ez da korridore zaila, baina zaila izan barik, hobeto ez dudatzea, leku estrategikoan bi iltze ondo jarrita, bai fisikoki bai lekuaren kokapenagaitik, baina baldintzen arabera disfrutatzetik txarto pasatzera eramango gaituen korridore bat da”. Ez nuke esango korridore zail bat dela, baina ez edozeinek egiteko modukoa.

NOLA HELDU:
Panticosara heltzeko, beharrezkoa da Sabiñanigoraino heltzea, bai N-240tik edo N-330tik. Hemendik Biescaserako norabidea hartzen dugu N-260tik, Biescasera heldu arte, A-136 errepidea jarraituz Bubaleko urtegiaren parean goazenean, ezkerretarantz ateratzen den bide gurutze bat jarraitu behar dugu, 3 kilometro inguru pasa eta gero Piedrafita de Jacara heltzeko.


KORRIDOREAREN BASERA HURBILKETA:

Ibilbide errazena Piedrafita de Jacako herritik gora doan errepidea jarraitzea da, Lacuniachako parkingera heldu arte, hemen kotxea utziz (1.380m) , izan ere pistatik gora kotxearekin joatea ez dago baimenduta, eta pistatik gora antzinara doan bidea hartzea. Oso ondo markatuta dago, eta ez dauka galbiderik.

Pistatik ateratzeko marka asko aurkituko ditugu, bidea laburtzeko, eta horrela pistak ematen dituen kurba handiak laburtzeko, ibilbidearen erdian Refugio Telera edo Las Planaseko aterpea aurkituko dugu. Bidea aurrerantz jarraitzen dugu informazio kartel txiki bat aurkitu arte, gezi batekin seinalatuz ibilbidea antzinara.

Pistatik apur bat gehiago jarraitzen dugu kurba batera heldu arte, bertan ito bat aurkituko dugu, eta itoak jarraituz espoloiaren bila joango gara, ikusiko dugun lehen korridorea Diagonal handia izango da. Metro batzuk jarraitzen dugu oraindik maldan gora, ezkerretara ateratzen den kono handia ikusi arte, Maria Jose Alller. Konoaren hasiera 2.100 bat metroko altueran egongo da eta kotxetik 2 ordu inguru eramango gaitu bertara heltzea.

FITXA TEKNIKOA:
  • Lehen igoera: J.M. Blanchard  eta Ricardo Martinena 1976an.
  • Zailtasuna: D+/550 metro/75-80º/M3-M4/IV+.
  • Materiala: Kaskoa, bi piolet, kranpoiak, arnesa, aseguratzeko ekipoa, 60 metrotako bi soka, friend eta fisurero batzuk ondo etor daitezke, 4 izotz torloju eta neguan beti laguntzen dute pare bat iltze, aparte elur estaka bat eraman genuen, korridorearen baldintzak, elurra eta izotzaren arabera asko aldatu daitezke.
  • Desnibela: 1400 metro inguru ekintza guztiak; korridorea 550 metro.
  • Ibilbidea: Piedrahita de Jaca-Lacuniacha-Pista-Korredoreetara doan bidexka-Maria Jose Aller-Cima Capullo-Y korredorea rapelatu-Piedrahita de Jaca.
  • Iraupena: 10 ordu ekintza guztia (4 ordu korredorean, dagoen jendearen arabera gehiago edo gutxiago). Korridorera hurbilketa, bi ordu inguru dira.


ERREPORTAIA:

04:15_ Piedrafitako Albergue Betaton esnatzen gara, logelan bakarrik geunden eta aurretik dena prest utzi genuen, argiarekin ondo prestatzen gara eta sukaldera jaisten gara gosaltzera.

05:30_Lacuniachako parkingetik ateratzen gara erritmo lasaian, hotza egiten du, -3ºC, baina inbertsio termikoa dagoenez gora goazen heinean haizea beroagoa da.

07:30_Korridorearen basea, te beroa hartzen dugu, arnesa jarri, baten bat komunera doa pisua galdu nahian jaja eta materiala banatzen dugu. Prestatzen gauden bitartean, aurretik genuen nafar kordada bat Maria Jose korridorean sartzen dira, beste kordada bat “Chez Lulu” eta beste bat “Super Lulu”-n. Ondoan bi euskaldun ditugu, “Maribel”era dijoazenak.


(Argazkia Mikelekin Y korridorea (AD/400m) egin nuenekoa)

Hemen behean motxila bat utzi genuen, urarekin eta janariarekin, gero jaitsieran bertatik jaitsi behar ginenez, korridorea lehengo zihoana motxila gabe erosoago igotzeko.

08:00_Korridorearen lehen aldapak hasten ditugu, hasierako inklinazioa 40ºtakoa da altura irabazten goazen bitartean inklinazioa irabaziz.


Konoaren lehen aldapak irabazten goaz, korridorea txikitzen den arte, hemen 4 metrotako kaskadatxo etzan bat aurkitzen dugu, batzuetan izotzarekin eta beste batzuetan arrokarekin egon daitekeena. Sokak motxilan dekoguz oraindik eta baldintza onak dituenez aseguratu gabe jarraitzen dugu, kasualitatea “Super Lulu”-n lehen erresaltean zegoen eskalatzaile batek izotzez bete gintuen tarte honetan, behin atxikimendua pasata, malda leuntzen da lehen erresaltearen kobara heldu arte.


Lehen erresaltera heltzen (Argazkia_Dagiru)


Lehen erresaltea, 10 metro inguruko kaskada bat, oso bertikala dena, kobaren barruan bloke bat dago zinta batekin bilgune bat egiteko. Jon Anderrek zabaldu zuen luze hau. 

Erresalte honek 70º-80º artean ibiltzen da, kaskada batekin. Behin pasata gorantz jarraitu soka bukatu arte, bilgunera heltzeko, bertan dago bigarren erresaltea.



Neure txanda (Argazkia atzetik zetorren kordadak ataratakoa da)


Behin hona helduta, dirudi korridorea bertan bukatzen dela, bi aukera egon ohi dira, edo eskumatik izotzetik igotzea, edo ezkerretik arrokatik, oso izotz fina zegoen eta ezkerretik eman behar izan genion, bertikaltasuna hartu baino lehen torloju bat sartu eta hortik zuzenean zubi arroka batean dagoen zinta bat txapatu arte, metro batzuk jarraitu atera arte eta eskuma aldean iltze bat topatuko dugu bilgunea muntatzeko.


Ondoren bi-hiru luze datoz, ensamblean joateko aukera ematen dutenak, pare bat erresalte labur ditu, azken erresaltera heldu arte, mixtoaren luzea. Tarte honetan eskumatik edo ezkerretik joateko aukera dago.


Jon Ander erresaltearen bilgunera iristen.


Azken horma mixto fin bat da, internetetik denetarik topa daiteke, IV gradutik V+ raino irakurri dut. 35 metrotako erresalte bat eta ondoren metro batzuk gehiago bilgunea montatzen den lekuraino. Graduan sartu gabe, trabesia arraro bat duen luze bat dela, baldintzen arabera asko aldatu daitekeena. 

Geuk lehen pitzaduran C 0.3 bat sartu genuen, eta ondoren trabesia egin, bertan zegoen izotz gutxian 10 cm-tako torloju bat sartu eta bertatik altxa, beste torloju bat sartu eta gorarte ateraz. Esatea graduan zaila ez izan arren, hobeto hankekin dudarik ez edukitzea. Bi iltze omen daude, geuk ez genituen ikusi. Dantza polita eman zigun Jon Ander, Alpeetatik bueltatu ondoren titaniko dagoela =)


Azken bilgunea, behin kornisa pasa ondoren, friend camalot C1 gorri bat atrankatuta dago pitzadura batean, eta beste friend batekin triangulaketa ona egin daiteke.


12:30_Azken resaltetik ateratzen gara eta korridorearen kornisa txikia pasatzen dugu. Behingoz eguzkiaren izpiekin gozatuz. Argazkitsu batzuk eta laster baten goaz Y korridorearen rappelen bila, bost minututan bertan gaude, ilara nahikoa dago, Maribeletik atera direnak, Diagonaletik datozen batzuk, eta rappela egiten zuten bitartean, Huescako gure lagunekin zerbait jan genuen, fuet apur bat, Ferrero batzuk, Gabonetan gaudela, eta platano bat ikaragarri ondo sartu zitzaidana.



JEITSIERA:

Bi rapel egin genituen, goiko bilgunetik, kobazulo handira eta kobazulo handitik 60 metrotako soka eman zuen punturaino. Hemen sokak batu genituen eta Y korridoretik behera jaitsi ginen motxila utzi genuen punturaino.

Behin behealdean, arnesa eta materiala kendu, kranpoiak eta pioletak gorde eta ur apur bat hartu eta gero pistara doan bidea hartu genuen. Hemendik kotxera erritmo lasaian joan ginen egunaz gozatuz, ordu batean kotxera heltzen gara, Y-aren rappeletatik (3-4 ordu inguru).


Maribel korridorearen azpitik pasatzen gara, gaurkoan kordada batek eman dio, azken erresaltea nahiko justu dagoela esan ziguten.


Maria Jose Aller, D+/550m/75º edo 80º/M4/IV+, ikaragarri ona benetan!!


Motxila hartu, ur trago bat eta arineketan jarraitzen dugu maldan behera, bertan kranpoiak eta arnesa arroka bloke handi batzuen gainean kentzeko.



Eta pistatik behera, lasaitasunez kotxeraino, ondoren egungo lorpena ospatzeko, hamburgesa on bat Sallent de Gallegon.


Espero gustatu izana, guri ikaragarria iruditu zitzaigun, oso gomendagarria.