2017(e)ko otsailaren 27(a), astelehena

2017_02_25-Peña Telera. Maribel korridorea (D+/MD-/350m)

Peña Telera Pirinioetan izotz korridoreak eta izotz eskalada luzeak egiteko dauden tokirik famatuenetarikoa da, horretaz aparte gehitu behar diogu lekua zoragarri polita dela. Ipar aurpegi honen zabalera handian aurkitu ahal ditugun korridore askoren artean, aipagarrienetarikoak, Gran Diagonal (AD/600m), Maria Jose Aller (550m/D+), Maribel (D+/MD-_400m), Chez Lulu (MD+/650m) eta “Senda de los cuervos” (MD+/750m) dira.

Maribel korridorea, Maria Jose Aller korridorea baino zailagoa iruditu zitzaidan, erresalte gehiago ditu, laburragoa izan arren teknika eta gehiago eskalatu beharrekoa. Ez nuke esango korridore zail bat dela, baina ez edozeinek egiteko modukoa, eta baldintzen arabera asko aldatu daitekena.

NOLA HELDU:

Panticosara heltzeko, beharrezkoa da Sabiñanigoraino heltzea, bai N-240tik edo N-330tik. Hemendik Biescaserako norabidea hartzen dugu N-260tik, Biescasera heldu arte, A-136 errepidea jarraituz Bubaleko urtegiaren parean goazenean, ezkerretarantz ateratzen den bide gurutze bat jarraitu behar dugu, 3 kilometro inguru pasa eta gero Piedrafita de Jacara heltzeko.

KORRIDOREAREN BASERA HURBILKETA:

Ibilbide errazena Piedrafita de Jacako herritik gora doan errepidea jarraitzea da, Lacuniachako parkingera heldu arte, hemen kotxea utziz (1.380m) , izan ere pistatik gora kotxearekin joatea ez dago baimenduta, eta pistatik gora antzinara doan bidea hartzea. Oso ondo markatuta dago, eta ez dauka galbiderik.

Pistatik ateratzeko marka asko aurkituko ditugu, bidea laburtzeko, eta horrela pistak ematen dituen kurba handiak laburtzeko, ibilbidearen erdian Refugio Telera edo Las Planaseko aterpea aurkituko dugu. Bidea aurrerantz jarraitzen dugu informazio kartel txiki bat aurkitu arte, gezi batekin seinalatuz ibilbidea antzinara.

Pistatik apur bat gehiago jarraitzen dugu kurba batera heldu arte, bertan ito bat aurkituko dugu, eta itoak jarraituz espoloiaren bila joango gara, ikusiko dugun lehen korridorea Diagonal handia izango da. Metro batzuk jarraitzen dugu oraindik maldan gora, ezkerretara ateratzen den kono handia ikusi arte, Maria Jose Aller da hau, Y-rantza jarraitzen dugu ezkerretara enpotratuta dagoen kaskada eta korridore bat ikusi arte.  Konoaren hasiera 2.200 bat metroko altueran egongo da eta kotxetik 2/2.5 ordu inguru eramango gaitu bertara heltzea.

FITXA TEKNIKOA:

  • Zailtasuna: D+/MD-/350 metro/90º/M3-M4/V.
  • Materiala: Kaskoa, bi piolet, kranpoiak, arnesa, aseguratzeko ekipoa, 60 metrotako bi soka, friend eta fisurero batzuk ondo etor daitezke, 4 izotz torloju eta neguan beti laguntzen dute pare bat iltze, korridorearen baldintzak, elurra eta izotzaren arabera asko aldatu daitezke.
  • Desnibela: 1400 metro inguru ekintza guztiak; korridorea 350 metro.
  • Ibilbidea: Piedrahita de Jaca-Lacuniacha-Pista-Korredoreetara doan bidexka-Maribel korridorea-Cima Capullo-Y korredorea rapelatu-Piedrahita de Jaca.
  • Iraupena: 10 ordu ekintza guztia (4-5 ordu korredorean, dagoen jendearen arabera gehiago edo gutxiago). Korridorera hurbilketa, bi ordu inguru dira.


Krokis honetan oso ondo azalduta datoz aurkituko ditugun zaitasun guztiak,  graduarekin ez nator guztiz bat.

ERREPORTAIA:

03:30_ Ref.Teleran esnatzen gara, logelatik isilka atera eta sukaldera jaisten gara gosaltzera.

04:30_Lacuniachako parkingetik ateratzen gara erritmo lasaian, hotza egiten du, 0ºC, baina inbertsio termikoa dagoenez gora goazen heinean haizea beroagoa da.

07:00_Y Korridorearen basean geldialdi bat, te beroa hartzen dugu, arnesa jarri eta materiala banatzen dugu. Prestatzen gauden bitartean, behekaldean jendea hurbiltzen ikusten dugu, hain goiz esnatu izana, igoera azkar bat elur gogorretik egiteko balio izan zaigu eta korridorean lehenak sartzen izateko baita. Leku honetan motxilak utzi genituen, ondoren jeitsieran berriz hartzeko.



8:00_Lehen erresaltea, goulotte txiki bat da, bizpahiru metrotakoa, eskumarantza eramaten gaituena eta laster bilgunea aurkituko duguna, izotz kaskada handiaren azpian, geuk soka gabe igo genuen hau apur bat arintzeko eta arinago heltzeko lehen bilgunera, hiru iltzerekin osatua eta ondo triangulatuta dagoena, hementxe hasten da korridorearen benetako lehen zailtasuna.



Lehen kaskada izotzez oso justu zegoenez, eskumatik dagoen diedro batetik eman genion, zuzenean bilgunetik aterata, pare bat iltze ditu eta erresaltea igaro ondoren kanpa zabal batera ateratzen gara R1era iristeko, 60m.


L2, Bilgunea dagoen diedro izoztutik, eskumarantza jo eta bide guztian erabili genuen torloju bakarra sartu ondoren, bloke batzuetara heltzen gara, mikrofriend batekin babestu eta 45 metrotan zelai bat pasa ondoren, R2-ra heltzen gara, iltze batekin eta C-0.75arekin ondo berrindartzen dena.

Hurrengo luzea bi erresalte txiki ditu, bizpahiru metrotakoak baita, 50 metro inguruko tiradarekin bloke enpotratuaren azpian dagoen bilgunera heltzen gara.


Bloke enpotratuaren luzea, ez zitzaidan hain zaila iruditu, baita Mikeli ere, askoz gehiago kostatu zitzaigun lehen luzea, agian izotz kaskada ez zegoelako eta mixto horrek zailtasun extra bat eman zion.


Lekua eta bistak ikaragarriak, Midi d´Ossau



Mikel bloke enpotratuaren luzearen azken maldak bukatzen.


Hurrengo luzea, beste diedro/bloke bat da, IV+ graduaziokoa, behin igarota 60 metrotako tirada bat eta goikaldeko kornisara heltzen gara.



12.15_Eguzkiaz babestu eta korrikan goaz Y-ko rapeletara, aurpegia ez erretzeko eta ahalik eta arinen jeisteko.


JEITSIERA:

12:30_Bi rapel egin genituen, goiko bilgunetik, kobazulo handira eta kobazulo handitik 60 metrotako soka eman zuen punturaino. Hemen sokak batu genituen eta Y korridoretik behera jaitsi ginen motxila utzi genuen punturaino.

Behin behealdean, arnesa eta materiala kendu, kranpoiak eta pioletak gorde eta ur apur bat hartu eta gero pistara doan bidea hartu genuen. Hemendik kotxera erritmo lasaian joan ginen egunaz gozatuz, ordu batean kotxera heltzen gara, Y-aren rappeletatik (3 ordu inguru).

Eta pistatik behera, lasaitasunez kotxeraino, ondoren Piedrafitako parkingean leka batzuk pernilarekin jan genituen, gauzak sikatzen jarri genituen bitartean, ondoren mendian zeuden baldintzak ikusita, Jacara joan giñen Jonan eta Ziorrekin batzeko, hurrengo egunean PICO DEL AGUILA_IPAR AURPEGIA (270/AD+) egiteko.

Espero erreportaiarekin gozatu izana eta korridore hau egitera animatzen zaituztet, oso gomendagarria baita, leku ikaragarri batean, eta Piriniotako harri bitxi bat baita.

iruzkinik ez: