2015(e)ko abenduaren 21(a), astelehena

2015_12_01-Mallo Frechin, Currucuclillo (6a+/230m) (Riglos)

Mikelek azaroako azken astean oporrak hartzen ditu, eta neure astelehen librea aprobetxatuz, 6 egun pasatzeko aukera ikusten dugu Riglosen, gehiago pentsatu gabe, ostegun arratsaldean Gasteizen batzen gara, eta Eroskian janari asko erosi ondoren, lasai lasai hartzen dugu Rigloserantzako bidea, aterpean hartuta genituen bi ohe, han geunden bitartean lo egiteko. 

Ideia nahiko argia zen, Pirinioan eman behar zuten eguralditik ihes egin eta Rigloseko horma beroetan ahal zen guztia eskalatzea. Bariku gauean Sergio batzen zitzaigun gurekin aste burua pasatzeko asmoarekin.

Eta nola ez, bide batzuk erabakita, baina besteak, eskalatu osteko garagardoa hartzen genuen bitartean, Rigloseko hormatzarrak ikusten genituen bitartean, eskalada gidarekin batera erabakitzea zen asmoa.

Riglos inguruan geunden 5 eguna zen, aurretik egindakoa:
·        Tierra de dragones (6b/400m) HEMEN
·        Ireney la paz (6c/230m), bide honetan Sergiori sorbalda atera eta etxera joan behar izan zen, bidea bukatu gabe gelditu zan, bukatzera bueltauko gara ;) 2016an egin nuen Mikelekin.
·        EduRoche (6b+/225m)

Trallada asko geneukan besoetan, eta azken eguna aprobetxatzeko, gertu zegoen Currucuclillo bidea aukeratu genuen, uste genuena baino gehiago sufritu genuen eta ondo ikasi genuen Riglos 2-3 egunetarako dela gehienez jajaj.

CURRUCUCLILLO BIDEA


http://www.xabigaton.blogspot.com blogetik ateratako krokisa

Fitxa teknikoa:
·        Zailtasuna: 6a+
·        Luzera: 230 metro
·        Ekipamendua: Paraboltak. Bilguneak paraboltekin eta rapelatzeko argollekin.
·        Materiala: 12 zinta expres eta bilguneetarako materiala. Guk soka bikoitzak eraman genituen baina aukera dago ere soka sinplearekin egiteko.
·        Sasoia: Edozein
·        Jeitsiera: Behin goikaldean dagoen tontorrean, jarri berri dagoen sirga jarraitu Viserako tontorrera heldu arte, bi aukera daude, edo Mallo del Aguatik jeisten den bidetik jeistea edo Circo de Veranotik jeistea.
·        Nola heldu hormara: Kotxea Riglosen uzten dugu eta Visera dijoan bidezka hartzen dugu eliza pasa ondoren, Viserara joan beharrean ezkerrera, Frechin malloko norabidean, oso zapalduta daude bide asko.

BIDEAREN DESKRIBAPENA:

Graduari dagokionaz, jarraitasun handia duen bide bat da, Riglos izateko. 9 luze ditu. Lehengo bi luzeak (L1+L2) luze bakar batean egin daitezke. Luze guztiak tonika berdina jarraitzen dute oro har, nahiko bertikala, eta oso estatikoa izan daiteken pausuren bat edo tripa txikiren bat. 

Oso ondo ekipatuta dago, eta bilguneak orokorrean oso erosoak dira. Kolore berdinak dituen paraboltak jarraitu behar dira, izan ere, Jose Antonio Sanz bidearen ondotik dijoa momentu batzuetan.

·        L1 (6a+/30m): Jose Antonio Sanz-en ezkerrean gelditzen da, lehen parabolta, apur bat urrutik dago, 6 metrotara, baina hara heldu arte oso erraza da, hori bai, txapatu baino lehen, kontuz euki arrokarekin, apurtuta dagoela, bilgunera heldu baino lehen daukagu luze honen pausu zailena.
·        L2 (6a/25m): Bilgunetik zuzenean ateratzen gara, eskumaldera joateko joerarekin. Hemen paraboltak ikusten ez dugun puntu batera helduko gara, eta gero ezkerrean txapa bat ikusiko dugu tripatxo bat pasa eta gero. Ondoren berriro eskumara dijoa bigarren bilgunera sartzeko.
·        L3 (6a+/25m): Luzearen erdialdean, tripatxo bat aurkituko dugu, desplomatzen duena, baina paraboltak gertu ditu eta inongo arazo gabe igarotzen da. Oso ondo dago txapatuta luze hau eta oso polita iruditu zitzaidan.
·        L4(V-6a/30m): Lehen pausua oso arraroa, repisa batekin, baina txapatik tiratuz gero, oso ondo ateratzen da. Gero trabesia oso polit bat dauka. Ondoren zuzen jarraitzeko, pausu oso polit batzuk ditu bilgunera heldu arte.
·        L5 (6a+/20m): Lehen hiru txapak ondo, presa onak ditu, ondoren eskumara doa, bilgunera zuzenean. Laburra baina polita.
·        L6 (6a/30m): Oso polita, boloren baten arroka zubiren bat dago txapen arteko distantzia murrizteko, bide erreza jarraitu behar da.
·        L7 (6a/12m):Laburra baina gogorra, bertikala da repisa baten gainean.
·        L8 (6a+/35m): Bide guztiaren luze garrantzitsuena iruditu zitzaidan, gogorra, eta eskalatutakoa nabaritzen da. Desplome batekin hasten da, ondo txapatuta dagoena. Pare bat tripa ditu, eta kriston patioa dauka, bide guztiko arroka onena aurkitzen da luze honetan. Ikaragarria ;)
·        L9 (IV/10m): Egin beharreko luzea, baina tontorrera heltzeko, txapa bat ikusten da bilgunetik eskumara, gero beste bat dauka goian dagoen bilgunera heldu arte.


ERREPORTAIA:

Eliza eta Pison famatua


Rigloseko herria



Gure aurretik Pau ondoko bi frantzes genituen, lehen bilgunetik ateratako argazkiak dira hauek (Milesker Christophe ;)




Mikel, trabesia horizontal batean


Cuchillo, Pison eta atzean Peña Rueba


Pozik Frechineko tontorrean


   
Jeisteko Colorado eta Mallo del Aguatik jeisten den bidea hartu genuen, gosea geneukan eta hau da Circo de Veranotik jeistea baino arinagoa. Behin behekaldean egonda, ataratako argazkiak.

Mallo Cuchilo, Frechin eta La Visera, bertan daude, Mosquitos, La fiesta del biceps, Popeye, Zuzen, Chinatown, Zulu Demente eta bide famatu gehiago, Riglosen gehien eskalatzen den Malloa dela esango nuke, baina oso fuerte egon behar da goikaldean daukan desplome hori guztia igotzeko, hortik bere izena, La  Visera.



Hauxe da dena, zerbait, jan, gauzak batu eta etxerako bidea hartu genuen.

iruzkinik ez: