2017(e)ko urtarrilaren 24(a), asteartea

2017_01_21-Cornon Ipar aurpegia, Korridore klasikoa (III/3/220m)

SARRERA:
Cornon mendia, 2.140 metrotakoa, Cantabriar mendilerroko mendi oso elegantea da, bere hegoalde aurpegitik tontorrera heltzea oso erraza da, Branavieja edo ezagunagoa den Alto Campooko eski estaziotik, kotxea Solvay aterpean utziz, 400 metrotako desnibela igotzen dugu tontorra lortu arte.

Cornon mendiaren ondoan La Boveda mendia dago eskumatara (2.072m) eta ezkerretara Tres Mares, inguru honetako altuena. Mendi hauen igoera normala paseo hutsa da baina ipar aurpegitik prestatuta dagoen rapeletik jeisten bagara, goulotte eta izotz kaskadaz beteriko ipar aurpegi basati bat aurkituko dugu, bilguneak jarrita dituena eta negu alpinismorako baldintza oso onak izaten dituena.

Astean zehar jausitako elur kantitatea eta asteburua heldu baino lehen penintsula osoan eman ziren tenperatura baxuengatik animatuta, goizeko 6.30tan atera ginen Bilbo ondoan dagoen BEC-etik, aurretik 200 kilometro Brañaviejara heldu arte, autopista ona eta kotxe gutxi, zortziak pasata Solvay aterperantz doan errepidea hartu genuen, eski estaziotik eskumara igoz.

IBILBIDEA:


FITXA TEKNIKOA:
  • Zailtasuna:III/3/220 metro/75º/D/D+?
  • Materiala: Kaskoa, bi piolet, kranpoiak, arnesa, aseguratzeko ekipoa, 60 metrotako bi soka, friend eta fisurero batzuk ondo etor daitezke, 5 izotz torloju eta neguan beti laguntzen dute pare bat iltze, aparte elur estaka bat eraman genuen, korridorearen baldintzak, elurra eta izotzaren arabera asko aldatu daitezke.
  • Desnibela: 600 metro inguru ekintza guztiak; korridorea 220 metro.
  • Iraupena: 6 ordu ekintza guztia, jenderik ez badugu aurkitzen askoz arinago egin daiteke.
ERREPORTAIA:

Cornoneko ipar aurpegia, orientazio oso ona du, altuera baita, eta baldintza onetan baldin badago ikaragarria izan daiteken korredore bi ditu, horretaz aparte mixtoarentzako aukera asko dituena.

08.30_Parkingean motxilak eta botak jartzen genituen bitartean, kotxeak heltzen hasi ziren, jende asko bertatik, eguna eta elurra gozatu nahian.


09.10tan Cornon eta Boveda mendien artean dagoen lepora heltzen gara, bertako estaka batetik egiten da rapela.


Aurretik Santanderreko hiru mutil genituen, hauek ere bai Cornoneko ipar aurpegira joateko asmoa zuten, beraien soketatik rapelatzea utzi ziguten eta korridorea egina zeukaten eta barre batzuk bilguneetan botatzeaz aparte, bidea eta bilguneen kokapena ezagutzen zuten eta oso ondo etorri zitzaigun gure lehen aldia bait zen.


Rapela eta gero, maldaren inklinazioa apur bat jeisten da baia metro luze batzuk elurraren aurrez aurre jeitsi izan behar genituen.


L1: Korredorearen lehen luzea, neure iritziz, zailena da, lehen erresalte txiki bat dauka, 70ºtakoa eta ondoren ondo formatuta zegoen beste kaskadatxo bat, 8 metro ingurukoa 75º-tan, lehen erresaltea zailagoa iruditu zitzaidan babesteko zailago zegoelako, torloju labur batekin babestu ta gorantza, beste kordadak iltze bat sartu zuen ezkerretan dagoen pitzadura batean.


R1: Lehen bilgunea, bilgune guztiak kankamoekin ekipatuta daude.



L2: 70º/55m. Bilgunetik atera bezain laster erresaltea daukagu, elur kaskada formatu betekin, babesteko aukera ugariekin, erresalte hau laburragoa da, 5-6 metro ingurukoa, ondoren tubu batetik jarraitzen dugu elur kanpa zabal batera atera arte, bilgunea ezkerretan dagoen arroketan aurkitzen da.




L3: 70º/60m. Goulotte/Diedro famatua, sartzeko oso ondo zegoen, izotzez topera, ezkerrean dagoen pitzaduran C-0.4 batekin babestu genuen eta apur bat gorago kaskadara igo baino arinago torloju luze batekin, behin kaskadan montatuta, eskumatara arrokan babesteko aukera asko daude, gehien bat mikrofriendentzako pitzadura txikiak.



Iban R3-ra heltzen.


L4_ 50º/50m: Azken luzea, baldintzen arabera asko aldatu daiteke, torloju bat sartu genuen, izan ere, Z antzeko bide bat jarraitu behar da, eraztunak erabili luzea hormatik ateratzeko, bilgunea goikaldean dauden bloketan egiten da.


Cornon (2.150m) tontorretik bueltan, eguraldi ikaragarri ona.


Oso pozik, berriro Solvayko aterpera bueltatu giñen, Reinosan bazkaldu genuen eta lasai-lasai bueltatu giñen, eguna ondo aprobetxatuaren zaporearekin, eta ezezaguna genuen inguru bat ezagutzeagaitik, asko gustatu zitzaigun bai orientazioa, bilguneak ekipatuta egotea, eta korridorera heltzeko hurbilpen erraza eta laburra.

Ziur laster bueltatuko garela.  Hurrengorarte!!!

iruzkinik ez: